IRAKURRI ASTE ETA HILABETE GUZTIETAKO
      AZTERKETEN IZENBURU GUZTIAK ZERBITZUAREN HASIERATIK

      HILABETEKO AZTERKETAK


      EUSKAL SARE GORRIAREN AZTERKETA-ZERBITZUKO 1997ko uztaileko azterketa

      "JULIAZOA". 1997KO UZTAILEAN ALEMANIA NAZIA DESAGERTUZ GEROZTIK EUROPAN SEKULA IKUSI DEN MASA MOBILIZAZIO FAXISTARIK HANDIENA ANTOLATU DU ESPAINIAR GOBERNUAK EZKER ABERTZALEAREN KONTRA.

      1. Historiako historia guztien artean tristeena Espainiarena da. Gaizki bukatzen delako.

      Poeta bikain batek esan zuen, erdizka kexu moduan eta erdizka historiaren diagnosis trinko gisa, Historiako historia guztien artean tristeena Espainiarena dela. Gaizki bukatzen delako. Amaitzear dugun XX. mende honetan zehar, herrien espetxe den espainiar estatuaren zorroztasuna pairatu duten eta pairatzen darraiten herriek (Euskal Herriak, Herri Katalanek, galiziar herriak, kanariar herriak, asturiar herriak, herri andaluzak, Saharako herriak, Gineako herriak, gaztelar herri zoritxarrekoak berak) sekulakoak pairatu dituzte espainiar klase bloke zapaltzailearen amorruaren menpean. Klaseok, Gaztela eta Andaluziako aristokrazia lur-jabe eta finantzaria, industri burgesia eusko-espainolista eta katalan-espainolista eta beren sustengurako eta zerbitzurako klase-multzoak, planeta osoko ezjakinenen eta ezgaienenetakoak, eta britaniar eta amerikar inperioen aurrean otzanenetakoak ditugu.

      1936an, II. Errepublikako legezko gobernuaren aurkako altxamendu militarrari erantzunez (1931n botere politikoa galdu eta gizartearen eta ekonomiaren gaineko boterea galtzeko beldur zen klase bloke zapaltzaileak antolatu eta finantziatutako altxamendua) Errusiakoaren ondorengo XX. mendeko IRAULTZA garrantzitsuena burutu zuten herriok, planeta osoan gaurdaino hilabete luzeetan eta arrakastaz komunismo libertarioa gauzatzen saiatu den iraultza bakarra hain zuzen (Aragoien Kataluniako eta Aragoi bertako anarkosindikalisten ekintzaren bidez). Hiru urteetan zehar munduko herrialde asko eta askotako gazteria buru-argi eta esku-zabalaren gorputzek eta bizitzek faxismoaren aurkako eustorma lanak egiten zituen lubakia osatu zuten Madrilen.

      Mussoliniren faxismoaren eta Hitlerren nazismoaren eskuhartze itzelak, Eliza Katolikoaren laguntzak -Vatikanoa buru zela-, Ingalaterra eta Frantziaren sasiko ez-partehartzeak, estalinismoaren aldizkako partehartzeak eta hutsegite teoriko-praktikoek beraiek zein Iraultzaren gidaritzaren barne mailako tirabirek faxismoa gailentzea ahalbidetu zuten. Eta Francoren diktadurako harrizko gau luzea espainiar estatuko herrien gainean amildu zen berrogei urtez, ehundaka milaka fusilaturen kareoreaz terrorearen, esplotazioaren eta espainiar klase bloke zapaltzailea aberastuko zuen gainbalioa erauzteko makina eraiki zelarik. Datu bakarra aipatuko dut: nekazal alokairu erreala -egun bateko lansariaren truke eros zitekeen gari kilo kopuruaren arabera neurtua- behera eta behera egin zuen 1951n 1936ren erdira iritsi arte, 1963. (1) urterarte berreskuratuko ez zen mailara. Nekazal munduaren neurrigabeko esplotazioko hogeita lau urte horiek (1939-1963) espainiar klase bloke zapaltzailearen aurreneko ospila izan ziren.

      Hitlerrek aurrena eta Estatu Batuek jarraian babestutako Gauleiterra zelarik, ohean hil zen Franco. Eta oker "transizio demokratiko" deituko zitzaion metamorfosiak, 1848an Prusian egindakoaren berdin-berdina -gurean Adolfo Suárezek Camphausenena egin zuelarik- Francoren estatu nazifaxista, Francok izendatutako Juan Carlos I erregearen "espainiar demokrazia gaztea" bihurtu zuen. Metamorfosi honek bere hartan utzi zituen, noski, klase bloke zapaltzaileak lapurtutako ondasun guztiak, bere hartan armada frankista, Francoren polizia torturatzaile eta eraile ezberdinak, bere hartan gartzela frankistak, frankismoaren aurkako borrokalariak fusilatzeko edota garrotez hiltzeko agindu zuten epaile frankistak, bere hartan frankismoaren burokrazia eta funtzionari saldu, ustel, ezgauza eta menekoak. Gogora dezagun Gramsciren esaera burutsua: "faxistek beren iharduera burutu ahal izan dute, estatuko milaka funtzionari -segurtasun indar nazionaletan (zerga-funtzionariak, erret goardiak, karabinariak) eta epaileen artean bereziki- beren konplize moral eta materialak izan direlako bakar-bakarrik (2) ". Ez zen "Nurnberg-ko prozesurik" izan espainiar faxismoaren kontra, gerrako eta espainiar deiktadurako kriminalen kontra, eta estatuaren aparatu frankistek lanean jarraitu zuten etenik gabe.

      Euskal Herriak, frankismoaren azken hamabost urteetan frankismoaren kontrako erresistentzia eraginkor bakarra izandakoak (beren zuzendaritzak salduko zituzten oinarriko komunista heroiekin batera), oraingoan espainiar otso nazifaxistek jantzitako arkumetxo "demokratikoaren" iruzurra sinistu gabe uko egin zion 1978ko espainiar konstituzioari (ESTEKA GRAFIKOA EHAN IRAULTZA PRESTATZEN ARI... ESTEKARA), EZETZ esan zion NATOri eta Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea exijitzen jarraitu zuen. Euskal populazioaren zati handi batek (ehundaka milaka batzuk euskal gizon-emakumek) ETAren inguruan bilduta EUSKAL HERRIA ASKATZEKO exijitzen jarraitu zuen eta horretan darraite.

      Horregatixe gertatu da orain, 1997ko uztailean, "JULIAZO" delakoa. Horrexegatik, 1997ko uztailean ALEMANIA NAZIA DESAGERTUZ GEROZTIK EUROPAN SEKULA IKUSI DEN MASA MOBILIZAZIO FAXISTARIK HANDIENA ANTOLATU DU ESPAINIAR GOBERNUAK EZKER ABERTZALEAREN KONTRA ("kristal hautsien gaua" eta "sorgin-ehiza" eta guzti).

      Espainiako gertakarien kronikariek gazteleraz modu labur eta trinkoan adierazi ohi dituzte altxamendu eta matxinada militar saio ugariak zein Estatu kolpe edota autokolpe direlako saioak, Espainiako Historiako azken bi mendeetan DOZENAKA aldiz gertatuak. Hizkuntz baliabide hori kolpearen protagonistaren izenari edo gertatu den tokiari "-ada" edo "-azo" atzizkiak eranstean datza. Honela, karlistada (1833), "vicalvarada" (1854), "sanjurjada" (1932) edota "tejerazoa" (1981) ditugu. Horregatik darabilt nik "JULIAZO" hitza hemen.

      2. "JULIAZO" delakoa eragin zuen gertakaria: ETAk (Nazio Askapenerako Euskal Erakunde Iraultzaile Sozialista EUSKADI TA ASKATASUNAk) Miguel Ángel Blanco Garrido PPko zinegotzia bahitu eta hil zuen.
      ASTEROKO AZTERKETA ETA INFORMAZIO ZERBITZUA Hasierako orrira